XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fortuniok aitor zuen halere gerlako bezperan Fernando erregek gezurra merke erabili zuela, estakuru beharrez Gazteizetik Iruñako bideari emaiteko bere armada.

Eta Arabar ala Bizkaitarrak aitzinean joan zirela erresumaren menperatzera.

Zenik ere: Etzuena konkistak balio?

Frantziarat ihes egin ondoan, Labriteko Juanes handik laster itzuli zen gero, hala-holako armada nahasi, gaixtaginarekin, gerlari bainoago ohointza eta bortxatze mota guzieri lotuak ziren Gaskoin, Frantzes, Aleman edo Albanes zirtzilekin, nola ezpaitzen handi nabartarrek zorionekin ikusi zituztela Iruña azketu gabe lekuen husten, ihes Fernandoren beldurrez.

Baztango errekatik Frantziarat abian zirelarik, hunek bidearen mozteko deitu zituen hiruzpalau mila gudari, Gipuzkoan etsiturik beha zaudenak.

Fortuniok kondatzen zuen negila biziki hotza zela bainan etzituela izitu.

Belateko lepoan zapatu zutela etsaia.

Han hamabi kanoi bahiturik, heien itxurak duela geroztik apaintzen Gipuzkotarren eskudoa.

Eta herriaren bandera berritu dutenek, betikotz aipamen hartze dutela.

Etzen ageri mutikoari lotuko zitzakonik, karraskan lurra ikaratuz baitzoan eta bi zaldi ukanki, bat akitzearekin bertzerat igaiteko.

Emazte hautsi, xahar bat oihanean ari baitzen eihar biltzen, aberek iziturik eskua goratu zuen kopetara, zeinatzeko.

Mutil haizea, larderiaren sartzeko atseginetan iragan zitzakon ondotik.

Bideari lotu baizik ez-eta gogoak emaiten zakon egiteko altxagarri batera zoala, konkistatzaile, behin betikotz bere buruaren jabe.

Gerriko ezpata laburretik bazirudien gerlaria.

Hurbilagotik, aroak zimurtu gabeko larrua, denborak argaldu gabeko ile-gaztaina eta oroldia bezalako bizar-ilauna ageri.

Zeiarka behatzen zuen zaldiaren beharrier eta oihan bazterrari; ez begiak makurrez edo ezkel zituelakotz; baizik ahalak oro ikusi nahiz batean, mutil hezgaitz ainitzek bezala; haren soak bazuelarik sugeak saguari odola biltzen dakoneko sua.

Emaztearen lotsak pitzarazi bozkarioa itzali orduko, kezka baten hatzak itsustu zakon kopeta.